Irailaren 26-30 bitartean, Fagor Automationeko egoitza nagusian urteroko Technical Meetinga ospatu zen. Bileran nazioarteko sareko arduradun teknikoak ere egon ziren Txina, Taiwan, AEB, India, Italia, Frantzia, Alemania, Portugal, Brasiletik… etorrita. Topaketa honetan 16 arduradunek Fagor Automationeko mundu mailako delegazioak ordezkatu dituzte.
Produktuen berritasun teknikoen berri emateaz gain, maila altuko kualifikazioa duen teknikari talde honek merkatu ezberdinen arteko ezagutza eta esperientziak elkarbanatzeko aukera izan zuten.
Jardunaldia Fagor Automationeko formazio sailak antolatu zuen Marketin sailaren laguntzarekin. Guztira 25 pertsonak hartu dute parte saio hauetan.
Iñaki Apaolazak, Fagor Automationeko Formazio arduradunak, hauxe aipatu digu saioen inguruan “5 egun intentsibo izan dira, Fagorren CNC, DRO eta Kaptazio sistemetan produktu berritzaileenen informazio zehatza eman zaie. Saio hauetan kide guztien parte hartzea bultzatu da entzule huts izan ez zitezen. Teknikari guztiek talde guztiaren aurrean beraien aplikazioak aurkeztu dituzte, eztabaidetarako tartea utzi da eta Fagor Automation ordezkatuta dagoen herrialde guztien esperientziak entzun dira.”
Parte hartzaileen balorazioa oso positiboa izan da, saioekin ezagutza teknikoak dituzten adituen arteko harremana estutzen baita eta merkatu/herrialdearen arabera. Fagor Automation bezalako enpresa teknologiko batentzako, 40 herrialde baino gehiagotan inplementatuta egonik, ezinbestekoa da ezagutza honen bateratzea eta honelako topaketek harreman horiek errazten dituzte. Iñaki Apaolazak Finetune prestazio berritzailearen aurkezpena nabarmentzen du (ardatzen auto doitzea) eta PLC estandarra (PLC programa modularra beste programa batzuetan erabiltzea uzten duena).