Fagor Automation Savvy Data Systemsen kapital sozialean sartu da, digitalizazioan elkarrekin aurrera egiteko

Operazioaren helburua da Savvyren irtenbide digitalak Fagor Automationen zerbitzu-eskaintzan sartzea, eta merkatu berriak eta negozio-aukerak irekitzea bi konpainientzat.

Akordioa beste urrats bat da bi enpresek informazioaren eta komunikazioaren teknologietatik eratorritako aurrerapenak industria-fabrikazioaren sektorean ezartzeko egin duten apustuan.

Makinen automatizaziorako eta kontrolerako produktuak garatu eta fabrikatzen dituen Fagor Automation fabrikatzaileak aurrerapauso bat eman du fabrikazio munduan teknologia digitalak sartzeko estrategian, eta Savvy Data Systems prozesuen digitalizazio-enpresaren kapital sozialean sartu da.

Lortutako akordioaren arabera, Fagor Automation Savvyko Administrazio Kontseiluan sartuko da, eta prozesu-industriaren eta makina-erremintaren eraldaketa digitalean espezializatuta dagoen Donostiako konpainiaren bazkide industrial berria izango da.

Lankidetzari esker, Fagor Automationek, makinen automatizaziorako eta kontrolatzeko softwarea garatzen duenak, Savvyren teknologiak eta soluzioak sartu ahal izango ditu bere zerbitzu-eskaintzan.

Igor Murgiondo Fagor Automationeko Service Managerren esanetan, “Savvy Data Systems-en sartzeak gure berrikuntza-estrategiarekin du zerikusia; izan ere, azken urteotan gure ahaleginak core teknologiak garatzera eta beste partner batzuekin aliantzak egitera bideratu dira, gure espezializazioaren parte ez diren baina gure eskaintza osatzen duten soluzioak bultzatzeko, besteak beste teknologia digitalak” .

Zehazki, Fagor Automationek Savvyren gaitasunak eta ezagutzak erabili ahal izango ditu, makinetatik datozen datuak informazio bihurtzeko soluzioen garapenean zentratzen direnak, bezeroei prozesuen lehiakortasuna optimizatzea eta hobetzea ahalbidetzen diena.

Lankidetza estuaren emaitza

Bi enpresek hainbat urte daramatzate elkarlanean, eta horren azken emaitza izan da Fagor Automation Savvyko kapitalean sartzea. Danobatgroup makina-erremintaren fabrikatzaileak, Savvy Data Systems enpresaren bazkide nagusiak, hasieratik babestu duen aliantza honi esker, produktu pertsonalizatu berri bat garatu ahal izan dute, Fagor Digital Suite, hardware eta software azpiegituren bidez makinak produkzio- eta kudeaketa-sistemekin konektatzen dituen digitalizazio-plataforma, makina-erreminten fabrikatzaileentzako, banatzaileentzako eta azken erabiltzaileentzako zerbitzuen katalogo oso bat eskaintzen duena.

“Savvyrekin dugun harremana ez da berria. Elkarrekin garatutako proiektu askotan parte hartu dugu batera, non Fagorrek, aditu gisa, hainbat teknologia garatu dituen hurrengo alorretan: zenbakizko kontrolean eta txirbil-harroketako, laserreko, harrizko eta beste mekanizazio-sektore batzuetako makinen automatizazioan. Savvyk, berriz, konektibitatean eta datu-analisian bere ezagutza gehitu du. EMO azokaren azken edizioan, 2021aren amaieran, lankidetza-hitzarmen bat sinatu genuen, eta bost hilabete geroago Savvyko kapitalean sartu gara”, zehaztu du Murgiondok.

Bestalde, Fernando Saenz Savvy Data Systemseko zuzendari nagusiaren esanetan, Fagor Automationekin elkartu izanak bere konpainiari merkatu berrietara sartzeko aukera emango dio.

«Merkataritza-lankidetza hitzarmen batek eskaintzen zigunetik harago joan nahi genuen. Guretzat, Fagor Automation bazkide estrategikoa da, gure nazioarteko hedapenean lagundu gaitzakeena. Fagorrek merkatu potentzial handia eskaintzen dio Savvyri. Aliantza horrek Italia, Frantzia, Portugal eta Asiako merkatuetarako atea irekitzen digu”.

Savvyko zuzendariaren iritziz, lankidetza honek aukera ematen dio Fagorri dagoeneko finkatuta dagoen negozio-eredu batean txertatzeko.

«Erabateko errendimendua eskaintzen duen negozio eredu bat helarazten diogu Fagorri, eta beraiek, negozio eredu hori, planeta osora zabaltzen dute. Zerbait fabrikatzen duten enpresa guztiek kostu gutxiagorekin eta denbora laburragoan fabrikatu nahi dute. Gure teknologiak, behin ezarrita, azken emaitzetan erabat eragiten dute”, esan du Saenzek.

Fagorrek eraldaketa digitaleko prozesuaren fase guztietan laguntzen die bezeroei, estrategiaren definiziotik garapen eta ezarpen teknologikora arte.