Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna da gaur, eta Fagor Automationen Arizmendi Ikastolako ikasleekin batera ospatu nahi izan dugu.
Fagor Automationeko Berdintasun Batzordeak bultzatuta antolatu dugun ekitaldi honetan, Arizmendiko 14-15 urte bitarteko 45 neska etorri dira Eskoriatzako gure lantegira. Bisitan zehar, Fagor Automationen lanean ari diren hainbat emakumek industria munduan izaten ari diren esperientzia partekatu dute, haien egunerokotasuna erakutsiz.
Gure gizartearen alderdi askotan berdintasuna lortzeko oraindik lan asko egin behar dela jakinda, Fagor Automation-ek Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna aprobetxatu nahi izan du emakumeek eta gizonek gaitasun berdinak dituztela adierazteko eta eskatzeko. Baita, Fagor Automation dagoen mundu industrial eta teknologiko baten parte izateko ere.
Horren erakusgarri dira Fagor Automation-eko emakume talde batek gaur ikasleekin elkarbanatu dituen esperientzia pertsonalak: Itziar Epelde Materialen Kalitateko arduraduna, Lorena Martinez I+G ko Software ikerlaria, Maria Nafarrate I+G ko Hardware ikerlaria, eta Esti Aranbarri I+G ko Software ikerlaria izan dira, beste batzuen artean, Arizmendi Ikastolako gazteengana gerturatu direnetako batzuk, neska horiek izango baitira gizarte honen etorkizuna.
Estereotipoak hausten
Emakumeak eta industria lotzen dituen estereotipo ugari daude, egunerokoan oso presente daudenak: emakumeak ezin direla industria munduaren zati izan, ez daudela horretarako gaituta, gai teknologikoetarako bokazio gutxi dutela… Estereotipo hauek are gehiago indartzen dute emakumea eta industria bateragarriak ez direla dioen ideia. Faktore sozialek, kulturalek eta hezkuntzakoek ahaldundu egiten dituzte horrelako mezuak, eta Fagor Automation-ek hori geldiarazi egin nahi du.
Gaur Fagor Automation-eko instalazioetan jasotako bisita, helburu hori lortzera bideratutako ekintza bat izan da. Hala, Arizmendi Ikastolako ikasleek Fagor Automation-eko fabrikazio eremua, gela zuria edo I+G laborategiak gertutik ikusteko aukera izan dute, lehen aipatutako emakumeen eskutik.
Instalazioetako ibilbidea bukatuta, emakumeak industrian duen eta izan behar duen paperaz hausnartzeko aukera izan dute Fagor Automation-eko eta Arizmendi Ikastolako emakumeek elkarrekin.
Fagor Automation-en izenean, eskerrik asko Arizmendi Ikastolako ikasleei eta ikastetxeko arduradunei emakumea industriara hurbiltzeko eskaini diguten aukeragatik. Esperientzia guztiz aberasgarria izan da.