Fagor Automationeko zenbait adituk bigarren urtez jarraian parte hartu dute Digital Manufacturing-eko Unibertsitate Masterrean, eta beren ezagutza teknologikoak master horretako ikasleei banatu dizkiete.
Ingenieritza Dualaren Unibertsitate Eskolak (UPV/EHUri atxikitako zentroa) eskainitako programa hau, inguruko hainbat industria-sektoretako (makina-erreminta, aeronautika, automobilgintza, etab.) enpresa eta erakundeekin lankidetza estuan diseñatuta dago bere hastapenetatik.
Fagor Automationek hainbat eskola eman ditu “Prozesu industrialen automatizazioa” ikasgaiaren barruan. Makinen automatizaziorako eta kontroleko produktuen garapenean eta fabrikazioan, eta, besteak beste, makina-erraminta sektorerako, zenbakizko kontroletan eta doitasun handiko neurketa-sistemetan daukagun eskarmentu zabalak, master honetan irakasle bezala parte hartzera eraman gaitu.
Gure CNC, Atzitze Sistema eta Motorretako adituek industria-kontrolari buruzko ezagutzak eta hainbat gaietan dituzten esperientzia partekatu dituzte, hala nola kaptadoreak (kodetzaile linealak eta birakariak), eragingailuak (ardatzen eta buruen motorrak), CNCan integratutako PLCa, makinako datuak eskuratu eta aztertzea, kalitatea eta prozesuak hobetzeko doikuntza-tresnak, makinen konektibitatea, etab. Hori guztia CNC automatizazio-sistema globalak fabrika digitalei ematen dienari begira.
Naiara Vidal masterraren arduradunak adierazi duenez, Fagor Automation bezalako enpresa batek masterrean parte hartzea oso aberasgarria izan da, bai programarentzat eta bai ikasleentzat.
“Fagor Automationeko irakasleek ikuspegi praktikoa eman dute esparru akademikoan landu ohi diren kontzeptu teorikoei buruz, eta errealitatera eraman dituzte industriako adibideen bidez”. Masterrean, ikasleek ikusi dute kontzeptu horiek praktikoki menderatzeko aukera. “Azken urrats hori gabezia bat izan ohi da unibertsitateko prestakuntzan, eta hori saihestu nahi da master honetan; horretarako, funtsezkoa izan da Fagor Automationeko hezitzaileen inplikazioa”, erantsi du Vidalek.